XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Guzti hori jagokozan ondorenetarako egiaztatzen dot, Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariaren On-Eritxiagaz, Bilbon, mila bederatzirehun eta larogeita hamazortziko abenduaren hogeita bian.

O. E.: Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria, Aitor Esteban Bravo

PERTSONA FISIKOEN ERRENTAREN GAINEKO ZERGARI BURUZKO ABENDUAREN 21EKO 98/10. FORU ARAUA

HITZAURREA

1997ko maiatzaren 27an bildu zen Kupoaren Batzorde Mistoak Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Ekonomi Ituna aldatzeko erabakia sinatu zuen, gero Lurralde Historikoetako Batzar Nagusietan berretsi zena.

Ondoren, eta Ekonomia Itun horretako bigarren xedapen gehigarrian ezarritako prozeduraren bidez, erabaki hori abuztuaren 4ko 38/1997 Legean gauzatu zen.

38/1997 Legeak Ekonomi Itunean sartu zituen aldaketen bidez, Lurralde Historikoetako erakunde eskudunek Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga arautzeko eta ordainarazteko eskumen berriak eta zabalagoak eskuratu zituzten.

Hartara, zerga hori, arau aldetik ia-ia autonomiarik ez bazuen ere, arautzeko autonomia bete-beteak dituen zerga bihurtu da.

Arautzeko autonomia bete horrek, hala ere, ez du kaltetzen estatuak beretzat berariaz gorde duen Espainiako lurralde barruan bizi ez diren pertsona fisikoei dagozkien zergak arautzeko eskumenik.

Horren ondorioz, eta Ekonomia Itunaren 4. artikuluan jasotakoak ez beste mugarik gabe (benetako zerga presio orokorra baliokidea izatea, jendearen zirkulazio eta establezimendu askatasuna errespetatzea, kapitalaren eta ondasunen zirkulaziorako askatasuna eta enpresarteko lehiakortasunari eta baliabideen banaketari eragozpenik ez jartzea), Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga araugintza autonomoko zerga bezala eratu da zergadun egoiliarrei dagokienean.

Testuinguru honetan, esan daiteke, foru arau hau Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga arautzeko ahalmen berria gauzatzearen lehen adierazpena dela.

1978. urteko erreformatik hona indarrean dagoen eredua agortuta dagoela onarturik, eta Europako Batasunaren esparruan zuzeneko ezarpena armonizatu beharretik sor daitekeen eredu berri bat noiz sortuko zain gauden artean, Euskal Autonomia Erkidego Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga Berritzeko Proposamena izeneko dokumentua kaleratu zen.

Liburu Zuria bezala atera zen dokumentu horretan, Zerga berritzeko jardunbide nagusiaren ildoak eskaintzen ziren eta, aldi berean, zerga bera ondoko helburuak lortzera bideratzen zen:

a) Zerga egungo errealitate ekonomiko eta sozialetara egokitzea.

b) Zerga zama oro har murriztea.

c) Lanaren errentei ematen zaien trataera hobetzea.

d) Familiaren eta aurreikuspen aurrezpenaren zerga araugintza hobetzea.

e) Zergaren progresibitate erreala gehitzea.

f) Zerga-zama zergadunaren ahalmen ekonomikora egokitzea.

g) Zerga erraztea.

Helburu horiek guztiak lortzea eta zergaketaren printzipio orokorrak (berdintasuna, eraginkortasuna, progresibitatea, nahikotasuna eta sinpletasuna), zaila bada ere, bateratzea izan dira foru arau honetako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga berriaren oinarri nagusiak.